XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

C) Autolikidazio, atxikipen eta jasanarazpena

Autolikidazio, atxikipen eta jasanarazpen kasuetan, prozedura bera erabiltzen da, berezitasun batzuekin.

Ekimena dagokio autolikidazioa edo sarrera egin zuenari (zergadun, atxikitzaile edota jasanarazleari).

Eskabidea, bestalde, behin betiko likidazioa eman aurretik edo hori emateko epea preskribatu aurretik egin daiteke, nahiz eta behin-behineko likidazioa aurretiaz emanda egon.

Prozeduraren ebazpenak behin-behineko likidazioaren izaera dauka.

Horren aurka errekurtsoak jar daitezke, baita ustezko ezezkoaren aurka ere, eskabidetik hiru hilabetera oraindik berariazko ebazpenik eman ez bada.

Prozedura horretaz landara, behin-behineko edo behin betiko likidazioak itzulketarako eskubidea aintzatets dezake.

Gehiegi atxikitako edo jasanarazitako sarrerak itzultzean, horiek zergadun atxikiari edo subjektu pasibo jasanarazleari itzuliko zaizkio, hurrenez hurren (fakturan jasanarazitako BEZaren kasuan, ordea, dirua subjektu jasaleari itzuliko zaio).

Prozedura hori erabili ahal izateko, ezinbestekoa da geroagoko autolikidazioetan itzulketaren konpentsazioa ezinezkoa izatea.

Ildo horretatik, Administrazioak bere arioz itzuli behar ditu zenbatekoak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari, Sozietateen gaineko Zergari eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko arauketek hala agintzen duten kasuetan;

itzulketa egiteko epea igaro eta itzulketaren ordainketa oraindik egiteke badago, Administrazioak berandutza korritua ordaindu behar dio zergadunari, azken horrek korritua eskatu ez arren (otsailaren 26ko 1/1998 Legearen 11. art.).

61. BERRAZTERTZE ERREKURTSOA

150. Ezaugarriak

Errekurtso hori TLOren 160. artikulutik 162.erakoek arautzen dute, ondoko ezaugarriok ezarriz:

a) Errekurtsoa jartzen zaio egintza eman zuen organoan.

b) Errekurtso hori ekonomia-administraziozko erreklamazioa aurkeztu aurretik jarri behar da.

Aurretiazko izaera duenez, errekurtsoa ezin daiteke ekonomia-administraziozko erreklamazioekin batera jarri; hortaz, behin berraztertze errekurtsoa jarritakoan, ezin da erreklamaziorik jarri harik eta horren ebazpena jakin arte.